Getxoko jolaslekurik handiena hartuko du Algortako Telletxe plazak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 30a, 17:34
Getxo udalerri mailan, umeentzako jolaslekurik handiena (800 metro koadro) Algortako Telletxe plazan izango dela jakinarazi du tokiko udalak. Herri-erdiguneko oinezkoentzako esparrurik handiena dena "hobetu eta modernizatzeko" egitasmoa gauzatzen ari da gaur egun tokiko erakundeak. Udalak adierazi duenez, lan horiek urte bukaerarako amaitzea aurreikusten dute. Plaza 4.400 metro koadroko azalerakoa da eta, "hobetu" ostean, eremu hori bereziki algortarren, eta oro har, getxoztar guztien arteko "bizikidetza eta lagunarteko giroa" ahalbidetuko duela uste du Imanol Landa alkateak. Plazaren barruan hainbat gune egokituko dituzte, horien artean adin guztietako umeentzako jolasleku handia. Bestalde, dagoeneko hasi dira Areetako Xake plaza eta bere inguruak egokitzeko obrak. Argazkian, Imanol Landa, Joseba Arregi eta Josu Loroño Algortako Telletxe plaza berriaren erakusketan / © Getxoko Udala.
Argia pasatzen uzten duten koloretako bost markesinek estaliko dute jolaslekua, urteko sasoi guztietan erabili eta familia guztiak bertan egon ahal izateko, eguraldiak laguntzen ez badu ere. Imanol Landak azpimarratu duenez, “Gobelaurre plazak lortutako arrakastaren ondoren, Algortako erdiguneko esparru estrategiko hau dinamizatu nahi dugu, eguraldi txarrarekin ere erabili ahal izango dena, neguan ere bizirik dagoen herri bat nahi dugulako, auzotarrak auzoan geratu eta merkataritza gune handietara alde egin ez dezaten, horrela gastua gure denda eta tabernetan geratuko baita”. Proposamenak gurasoen artean harrera ona izango duelakoan dago alkatea.

Udalerriko jolastokirik handiena

Jolasteko hamar tresna jarriko dituzte parkean bertan, eta horietako batzuk, gainera, bereziki ume ezinduek erabiltzeko izango dira: esate baterako, askotako jolasgunea, zabu bat eta ohikoa dena baino kulunka zabalagoak. Horretaz gain, umeen artean arrakastarik handiena duten jolasak ipiniko dituzte, eta, berrikuntza gisa, lehen jolas elektronikoa (soka jolasa), umeen artean talde-jolasa sustatzeko asmoz.

Jolaslekuaren aurrekontua 500.000 eurokoa da. Kopuru hori plaza eta bere inguruak urbanizatzeko proiektuaren 1.362.000 euroko aurrekontuaren barruan sartuta dago. Plaza berrian eta bere inguruetan, zoladura berria eta argi gehiago izango dira, "eremu horri pertsonalitate, erakargarritasun eta segurtasun maila handiagoa emanez", Udalaren aburuz. Hori guztia auzotarrentzat zein inguruko saltokientzat onuragarria izango delakoan dago gobernu taldea. Auzotarrek jolasleku berrian egingo diren lanen inguruko informazio zehatzagoa izan dezaten, erakusketa txiki bat jarri dute hamabost egunez Algortako Torrene kaleko merkatuan.

Ikusi Algortako Telletxe eta Areetako Xake plaza berrietako infografiak eta erakusketa iruditan (© Getxoko Udala):

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun