Sopelako Iberre auzoko bizilagunek parte-hartze prozesua garatu dute urtean zehar, euren iritziak emanda, tokiko hainbat alderdi hobetzeko asmoz.
Sopelako Udalak eta
Udalsarea 21 erakundeak elkarlanean jardun dute ekimen horretan. Guztira, 134 auzokidek parte hartu dute kontsultan eta 300 proposamen baino gehiago jaso dira, udal iturriek aipatu dutenez. Tokiko agintariek joan den asteazkenean aurkeztu zioten Iberreko bizilagunei, zonalderako ekintza proposamena, "herritarren ekarpenak kontutan hartuta". Auzotakideek eurek eztabaidatu zuten egitasmoa, behin betiko onartu aurretik, publikoki aurkeztu eta iradokizun berriak biltzeko helburuarekin. Udalak adierazi duenez, etorkizunean ere herritarren parte-hartzea sustatuko dute, udalerriko hainbat kale hobetzeko asmoz. Gauzak horrela, hurrengoak Sertutxa eta Iñaki Deuna kaleak izango dira. Argazkian, asteazkenean egindako batzarraren irudi bat / © Sopelako Udala.