Topatu.info jantziago bueltatuko da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 1a, 00:07

Topatu.info Euskal Herriko gazte atariak larunbatean, abenduaren 4an, ekingo dio berriz gazte komunikazioa bultzatzeari. Durangoko Liburu eta Disko Azokarekin batera bueltatuko da webgunea, hilabete bat erorita egon ostean. Gainera, "Topatu.info" leloko kamisetak eskuratzeko aukera emango dute, atariko egileek jakinarazi dutenez. Guardia Zibilak iazko uztailaren 29an egindako polizia operazioak "normaltasunez aritzeko oztopoak" ekarri zizkion aurretik ziharduen Gaztesarea gazte atariari. Hori dela eta, gazte informazio webgune hori ixtea erabaki zuten. Gazteek urtarrilera arte itxaron behar izan zuten hutsunea beteko zuen beste komunikabide gazte eta herrikoia jaio arte: Topatu.info. Martxoaren 4an hasi ziren albisteak eskaintzen, baina zortzi hilabete beranduago zerbitzaria erori eta horrela izan da azken asteotan. Argazkian, uztailaren 29an, 700 bat lagunek salatu zuten Iker Acero Algortako surflari ezaguna eta Gaztesarea.net-eko gainontzeko kideen atxiloketak.

Topatu.info jaio zenean, "gazteon topalekua" izateko bokazioz sortu zen. "Bertan izango dugu Euskal Herriko gazteok elkarren berri jakiteko parada, elkarrengandik ikasteko abagunea. Gure esperientziak trukatzeko gunea izateko helburuarekin jaio da. Gure arteko komunikazio zubiak eraikiko ditugu", aurreratu zuten egileek. Horretarako, baina, "ezinbestekotzat" jo zuten elkarlana: "Gure herri eta auzoetan egiten ditugun ekimenen eta egoeraren berri emateko zuen parte hartzea ezinbestekoa da", aipatu zuten agerkari digital berriko arduradunek. Horretarako nahikoa da topatuinfo[abildua]gmail.com postara testu, argazki, audio zein bideoak bidaltzea. Topatu.info Twitter eta Facebook-en ere bada.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun