Plaza Beltza herri kulturgunearen lehenengo urteurrenaren ospakizunen harira, joan den larunbatean horma-irudi lehiaketa egin zuten Sopelan. Orotara, zazpi mural margotu zituzten kaleetako hormetan eta, "esperokoa zenez, hainbat eratako errebindikazioez jantzita zeuden" horiek,
Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez. Egunean bertan, margolariengana gerturatu zen Ertzaintza. Baina, Udalak txapelketaren berri bazuenez eta horma-irudien edukiak "legez kanpokoak" ez zirenez, alde egin behar izan zuten. Bada, ezker abertzaleak aipatu webgunean salatu duenez, astelehen goizean muraletako batzuk "Aresen brigadaren brotxa lodiaz zentsuratuta" topatu zituzten sopeloztarrek. "Udalean agintzen duen EAJk deituta eta ertzainek lagunduta,
Larrabasterrako jaietara herriko presoen argazkiak kentzera joan zen brigada berbera, alegia. Bakarrik falta da agindua nork eman zuen jakitea", salatu dutenez. "Inkisidore berrien" gris zentsuratzailearen gainean agudo agertu zen "Las paredes mudas como en la dictadura" esaldia. Argazkian, larunbatean egindako horma-irudietako bat, "zentsuratu" aurretik / © Sopela.net.