Laura Lapeyra Lasak jasoko du
Getxoko Udalak lehenengo aldiz emango duen Euskara Saria. Gure hizkuntzaren erabileraren alde, aipatu andreak azken urteotan Algortako Juan Bautista Zabala herri ikastetxeko gurasoen elkartean egindako lana eskertuko dute horrela, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Saria Luis Artola artisauak egindako obra izango da eta Imanol Landa alkateak emango dio bihar emakumeari, 20:00etan, udaletxeko batzar aretoan izango den ekitaldi publikoan. Laura Lapeyrak 41 urte ditu. Eibarren jaio zen, baina zortzi urte daramatza Algortan bizitzen. Zabala eskolan ikasten ari diren 10, 8 eta 6 urtetako hiru alaben ama da eta bertoko gurasoen elkartean dihardu, umeek euren eguneroko bizitzan euskara erabil dezaten. “Bertara heldu nintzenean harrituta geratu nintzen ikasgeletatik kanpoko harremanak gazteleraz zirela ikustean. Ni Eibarren euskaraz mintzatzen entzutera ohituta nengoen”, aipatu duenez. Argazkian, hainbat ume Zabala ikastetxean, Bapirukeren jarduerez gozatzen.