Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk iragarri zuen bederatzi milioi euroko aurrekontua bideratuko zuela 2011 urterako, Errekagane kaleko goi aldean, Zubilletan eta Salsidu eta Jolaseta artean "ordezkatze zein oztopoak kentzeko lan berriak" egiteko. Horri jarraituz, Getxoko Udalak “Uraren Euskal Agentziaren eskuetan" utziko ditu "horretarako beharrezkoak diren lur-sail guztiak, bai Errekaganen, bai Zubilletan, bai behar den edonon". "Gure auzokideen segurtasuna eta lasaitasuna lan horien menpe dago. Horregatik da hain beharrezkoa horietarako baliabideak ipintzea eta Getxon jasaten dugun uholde arriskuari behin betiko aurre egitea”, adierazi zuen Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak, proposamena udal batzarrean defendatzeko orduan.
PP pozik
PP ere ez zen atzean geratu. Eduardo Andrade zinegotzia alkatea zoriondu zuen, “azkenik gazteek okupatuta dituzten Errekaganeko pabilioiak desjabetuko direlako; talde honek 2005az geroztik eskatzen ari dena, alegia”. Hala ere, Arregik erantzun zionez, “ez da aurreratu behar". "Lehenengoz URAk proiektuarekin jarraitzeko beharrekoak diren lur-sailak zeintzuk diren zehaztu beharko du. Gure zeregina da Gobela ibaiko lanekin jarraitzeko dauden oztopoak kentzea”, zehaztu zuenez. PSE-EEk bere aldetik, "Gobelaren hobekuntza hidraulikoa garrantzitsua" dela nabarmendu nahi izan zuen. Luis Almansaren arabera, "auzokideen eta instituzioen arteko adostasunaren emaitza" da hori. Alternatibako Manu Basantak, ordea, aurka bozkatu zuen, “ez ibaia bideratzeko proiektuaren aurka, baizik eta modu sinbolikoan gaztetxea gestionatzen duten gazteei babesa agertzeko”.