Bihar, osteguna, Aljeria aldera, Tindouf-eko "Otsailak 27" kanpamendura abiatuko dira Leioako 14 eta 18 urte bitarteko hamabi neska-mutil. Bertan, Mendebaldeko Saharako biztanleak eta kultura ezagutzeko aukera izango dute. Gazte horiek, zortzi egunetan zehar egongo dira kanpamenduan, hango familiekin bizitzen eta saharar kultura eta bizimodua ezagutzen. Ekimen hori,
Leioako Udaleko Gizartekintza eta Hezkuntza Sailak bideratutako frogazko proiektua da. "Bidaia oso berezia izango da. Izan ere, neska-mutilek gauza asko ikasteko eta ikusteko aukera izango dute, euren ezagutza maila handitzeko asmoz", azaldu dute udal iturriek. Gazte leioaztarrak hainbat ikastetxeetakoak dira: Mercedarias, Romo-Artatza institutua, Barandiaran eta Lanbide Heziketakoak, hurrenez hurren. Guztiek sei urte baino gehiago daramatzate Ekotaldeetan lan egiten, hau da, Herrigune proiektuko ekintza boluntarioetan. Gauzak horrela, bidai horrekin, ikasleek azken urte hauetan egindako lana eskertu nahi du Udalak. Argazkian, Leioan uda igaro duten Saharako bost umeetako bi / © Leioa.net.