Sopelako Kurtzio kultur etxeak itxura ezin hobea eman zuen atzo, asteazkena, Eskuinalde mailako Deia Hemendik Sarien banaketa hartzeko. Areto nagusia bete-beteta egon zen eta giroa aparta izan zen. Xabier Lapitz Onda Vasca irratiko esatari ezagunak zuzendu zuen ekitaldia. Bestalde, Xabi Aburruzaga trikitilariak jarri zion musika sari banaketari, "Denboran naufrago" bere azken laneko kantekin, Jose Urrejola musikariaren konpainian. Golardoei dagokienez, Kultura Saria, Leioako musika eskolak jaso zuen; Kirol Saria, Berangoko Nazioarteko Miliak; Gizarte Ekintza Saria, Sopelako Aitxu! euskara taldeak eta Algortako Portu Zaharreko Karitateko Alaben ordenako monjek; Sustapen Ekonomikoa Saria, Getxo Enpresa eta Merkataritza (GEEM) elkarteak; Berrikuntza Saria, Areetako Sener armagintza enpresak; Turismo Saria, Urdulizko Adela Andikoetxea baserritarrak; eta Omenaldi Saria, Angel Lizaur "Aita Gotzon" Barrikako parrokoa zenak eta Gorlizko Jose Luis Arriaga "Roni"-k. Argazkian, Portu Zaharreko monjek eta Aitxu! euskara taldeak Imanol Landa eta Imanol Garai Getxo eta Sopelako alkateen eskutik jaso zituzten sariak / © Sopelana.net.