Bihartik igandera arte 62 artista gaztek euren lanak aurkeztuko dituzte Getxoarte 2010 erakusketan. Ekimen horren helburu nagusia Euskal Herriko arte plastiko eta ikus-entzunezko sorkuntza berria bultzatzea da, Getxoko Kultur Etxeko iturriek zehaztu dutenez. Ohi bezala, erakusketa Areetako Xake plazako karpan izango da eta, bertan, bisitariek hainbat lan-mota izango dituzte ikusgai: pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak, besteak beste. Sarrera bi eurotan egongo da. Ordutegiari dagokionez, goizez, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik 21:30era egongo da zabalik. Igandean, 21:00etan itxi egingo dute. Orain dela hamar urte sortu zen Getxoarte, Arte Sortu Berrien Aretoa, arte proposamenik gazteenaen erakusleiho bilakatzeko eta, era berean, sortzaile berrien lana ezagutzera emateko asmoz. Gainera, artista gazteek zuzeneko harremana izaten dute, bai bisitariekin, bai sektoreko profesionalekin. Horrela, modu natural eta profesionalean, inolako oztoporik gabe, beren lanak gustuko duten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean parte hartzaileek. Argazkian, artista gazte bat erakusketa prestatzen / © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!