Behin udal batzarra amaituta, Landa alkateak dekretua aurretik izenpetu izana "joko zikintzat" eta "demokraziaren kontrako jokalditzat" jo zuren PPk eta Alternatibak, zabaldutako prentsa ohar banatan. Bitartean, udal agintari jelkideak “Gobernu zentralak defizit publikoa murrizteko onartutako Lege Dekretua aplikatzeko Gobernu Taldearekin zuen konpromisoa ez betetzea" egotzi zion PSE-EEri. Zinegotzi sozialistek batzar areto nagusitik alde egin zuten, aipatu errege dekretuak agintzen duen murrizketarako neurriak, urtean arlo publikoko langileen soldata %5 murrizteko neurriak, onartzeko proposamenari ekin ziotenean, bere botoa eman barik. Landak esan duenez, “PSE-EEk konpromisoa hartu zuen bakarrik Eudelek proposatutako murrizketa-taula babesteko, hau da, murrizketa osoaren %2,85”. Hain zuzen, hori da udalbatzan onartu egin ez zen gaia, Luis Almansa buru duen taldeak alde egin zuelako eta PPk eta Alternatibak aurka bozkatu zutelako. PSE-EEk aipatu zuen udalbatza uzten zutela “murrizketen %5ra iristeko alkatetza-dekreturen bidez onartutako gainontzeko neurriei ez zielako babesik emango”.
Landak "aitzakia merkea" iritzi zion PSE-EEk azaldutako argudioari. "Sindikatuen presioarengatik, amore eman eta bere erantzukizuna alboratu izana" leporatu zion Almansari, aipatu zuenez, "ezin baitugu ahaztu Errege Dekretua Zapaterok onartu duela”. Manu Basanta Alternatibako ordezkariak ere hitz batzuk zuzendu zizkion Almansari, "ekaineko udal batzarrean bera izan baitzen dekretutzarrari ateak ireki zizkiona, sindikatuei traizioa eginez". Aipatu osoko bilkuran EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu egin zen dekretua aplikatzeko pausuak ematea. Bestalde, Landa alkateak argi utzi nahi izan zuen “soldata murrizketaren azken erantzukizuna nominak sinatzen dituenarena dela, nirea, alegia; baita legea ez betetzeagatik erantzun behar duena ere". "Legea ezin bada bete, erakunde bakoitzak bere erantzukizuna bereganatu beharko du: udalbatzak onartu duena eta alkateak dekretu bidez onetsi duena. Eta nik nirea bete dut”, gaineratu zuenez.
Sindikatuek intsumisioa
Alkateak, halaber, gaitzetsi egin zuen Udaleko sindikatuen "jokaera negargarria", bere hitzetan, "Gobernu Taldeak proposatutakoari alternatiba bakar bat ere ez baitiote aurkeztu, eta erantzun bakarra, dekretuaren aurrean, intsumisioarena izan delako". Kritikatu zuenez, "Negoziazio Mahaiaren azken bi deialdietara ere ez dira agertu, agenda arazoak direla eta argudiatuta. Halere, hedabideetan dekretuaren egiazkotasunarekin bat ez datozen alternatibak egin dituzte sindikatuek". "Beti izan dugu elkarrizketarako borondatea, proposamena langileentzat arinena zela aintzat hartuta, baina sindikatuen erantzun bakarra dekretuarekiko intsumisioa izan da, halabeharrez Zapateroren Gobernuaren bete beharreko dekretua bada ere”, amaitu zuen Landak.
Udalbatzak Eudelek proposatutako soldata murrizketen taula atzera botata, Getxoko Udalak ez du lan erraza izango orain "nahitaez egin beharreko %5eko murrizketetara" heltzeko. Hala ere, "espezieak" eta soldaten beherapena batuta, horiek are handiagoak izan daitezkeenaren susmoa daukate sindikatuetako ordezkariek, "datu zehatzik eskuratzeko aukerarik ez" baitute izan. Bestalde, Gabonetako otzara eta Osakidetzaren estaldura ez duten ortodontzia, okulista... gastuak ordaintzeko laguntza kentzeak jubilatutako langileengan ere eragina daukala salatu zuten.