“Pozgarria eta hunkigarria da udal batza aretoa euskaldunez beteta ikustea eta Getxon euskararekiko konpromisoa behar dugu egoera ez delako nahi dugun bezain ona, nahiz eta herritarren %29 euskalduna izan eta %15ek ezagutzak dituen”, adierazi zuen Landak saria ematerakoan. Hala ere, "baikorra" dela esan zuen alkateak, “nahiko masa kritikoa dugulako aurrera egiteko”. “Sari honekin euskararen aldeko lanari prestigioa eman nahi izan diogu, kasu honetan eskola orduz kanpoko jardueren arina izaten urteak daramatzanari eta Zabala eskolan duela 15 bat urte hasi zen euskalduntze prozesuari jarraipena eman dionari”, gaineratu zuen udal agintariak. Aldi berean, eskoletako gurasoen elkarteen lana goraipatzeko aprobetxatu zuen Landak, bere ustez, gure seme-alaben hezkuntzaren osagarri garrantzitsua direlako. Amaitzeko "bihotz-bihotzez" eman zizkion eskerrak Laura Lapeyrari alkate getxoztarrak, "euskararen erabileraren aldeko isileko lanagatik".
Eibarren jaio arren, Algortan bizitzen zortzi urte daramatza Laura Lapeyra 41 urteko ama. Hasierako ustekabearen ondoren, urduri jaso zuen atzo saria, berarentzat ez ezik, "euskararen erabilera bultzatzeko era isilean eta anonimoan lan egiten duten pertsona guztientzat" ere badela ulertuta. Beste pertsona asko ere lanean ari direla gogora ekarri ondoren, eskerrak eman zizkien Zabala eskolako umeei, irakasleei eta gurasoei Lapeyrak, "beraiekin lan egiteko aukera eskaintzeagatik". Bere ibilbidean inplikazio maila handiko jende asko ezagutu duela aitortu zuen, "elkarlana izan dela nagusi". Horregatik, beti topatu duen laguntza eskertu zuen, tartean Bizarra Lepoan euskara elkarteko kideena.
Ekintzez betetako bost urte
Laura Lapeyra duela bost urte hasi zen lanean Zabala eskolako gurasoen elkartean eta, geroztik, ezaugarri desberdinetako jarduera ugari jarri du martxan zentroan, tartean ikasturte amaierako irteerak, asteburuko txangoak, gurasoentzako ekitaldiak eta astean zehar eskola orduz kanpoko jarduera ugari (musika, antzerkia, pintura...). Hasieran, euskararen erabilera bultzatzeko jarduerak ziren, baina bi urte igaro ondoren hizkuntzarekiko jarrera era landu behar zela konturatu ziren. Horregatik, jarduera erakargarriak antolatzen saiatzen dira, haurrek disfrutatzeko. “Oso polita eta hunkigarria izan da dena. Nire asmoa ez da erretiratzea lanean jarraitzeko gogoa dudalako oraindik”, amaitu zuen sarituak.