Xabier Lete hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 5a, 14:44
Xabier Lete Bergaretxe euskal idazle, poeta eta kantari handia bart hil da, 66 urte zituela. Berria.info-k jakinarazi duenez, sortzaile oiartzuarra herenegun sartu zuten Donostiako erietxean, "lasaigarriak emanda, haren osasunak okerrera egin zuelako". Iturri beraren arabera, "1985ean gaixotasun larri bat antzeman zioten, eta borroka latzean bizi izan da azken 25 urteotan". Lete Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta abesteari ekin bazion ere batez ere idazlea izan zen. Bere poesiek izan dute garrantzia gehien, haietako asko herri kantak bezala zabaldu direnak. Azken liburua 2008an argitaratu zuen: "Egunsentiaren esku izoztuetan". Lete erraustu egingo dute, eta asteartean egingo dituzte hiletak Urnietako parrokian. Gaur, berriz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan Xabier Lete gogoan izan duela zabaldu ditu ateak. Era berean, 12etan Euskal Kantuzaleen Elkartekoekin batera, "Xalbadorren heriotzean" abestuz egin diote omenaldia herrikoia. Ahotsenean ere tarteka Xabier Lete izango dute gogoan aurkezpen ezberdinetan parte hartuko duten sortzaileek. Argazkian, Xabier Lete / cc-by-.sa Zaldi Eroa - Badok.info.
Argia.com-ek kaleratutako bideoa: Xabier Letek "Egunsentiaren esku izoztuak" liburu berriko zenbait poema errezitatu zituen ekitaldi hunkigarri batean, Mikel Laboa hil zen biharamunean Iruñean

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun