Gaur, abenduak 6, hogei urte beteko lituzke "
Euskaldunon Egunkaria"-k, orain dela zazpi urte Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak itxi izan ez balute. 1990ean abiatu baitzen Egunkaria Sortzen herri ekimenak bultzaturiko egunkari nazionala. "Argia" astekarian trebatutako profesionalek eskifaiatzat hartuta, proiektu zabala, euskaltzale eta orotarikoa jarri zuten martxan orduan, Joxemi Zumalabek, Martin Ugaldek eta beste hainbat lagunek. Uribe Kostan, egun "Egin" auziagatik preso dagoen Jexuxmari Zalakain aritu zen proiektua azaltzen eta Bittor Egurrola izan zen herrietan sortutako Egunkaria batzordeetako aurpegi ezagunetariko bat. Egitasmorako lehenengo arazoa, baina, ez zen Espainiatik etorri, Eusko Jaurlaritzatik baizik. "Amatiño"-k eta Iñaki Zarraoak gidatuta, proiektuaren aurka jo eta jabego publikoko egunkaria sustatzen saiatu zen orduan Ardanzaren Gobernua. 2003ko itxieraz eratorriko auzi nagusia absoluzioarekin amaitu zen, baina auzi ekonomikoak martxan jarraitzen du.
Informazio gehiago berria.info-n irakur daiteke. Argazkian, iaz, abenduaren 19an, "Egunkaria" auziko akusatuen aldeko mobilizazioa egin zuten Bilbon milaka lagunek.