Deitzaileek zabaldutako oharra:
Amnistiaren bidean: euskal presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubide guztien jabe!
Abenduaren 7an guztiok Durangora!
Euskal preso politikoen aurka ezarritako muturreko egoerak ondo marrazturiko espetxe politika anker baten emaitza dira. Espetxe politika hau bi estatuek Euskal herrian ezarri duten errepresio eta salbuespen egoeran bakarrik ulertu daiteke. Eta hain zuzen ere herri honetan indarrean den salbuespen egoeraren parte dira espetxeetan ezarri dituzten muturreko egoerak.
Hogei urte baino gehiago dira sakabanaketa politika abian jarri zela. Egun indarrean mantentzen duen alderdi politikoak berak abiatu zuen, PNVren laguntzarekin. 20 urte beranduago PNV lagun izaten jarraitzen du estrategia anker horretan. Errepresio zikinean bidelagun dira Urkullu eta Rubalcaba. Sakabanaketa politikak eragin duen sufrimendua ezinezkoa da zenbakitan ematea. Zenbat kilometro, zenbat istripu, zenbat zauritu, zenbat hildako, zenbat ondorio fisiko, zenbat galera ekonomiko… Sakabanaketak eragin duen galera humanoa izugarria izanagatik, gaur, 21 urte beranduago, sakabanaketak bere helburuetan porrot egin duela errepikatzen dugu.
Horregatik, errepresio moldeetan bezala, espetxe politikan ere aldaketak eman beharrean aurkitu dira, beraien legeak behin eta berriz urratuz Euskal Preso Politikoen Kolektiboa suntsitzeko beraien eginahalean mantenduz. Biziarteko zigorra ezarri diete 50 euskal preso politiko baino gehiagori, aurrez ezarritako kondena betea izanagatik beraien espetxe zigorrak beste hamar urte luzatuz. Askatasuna ukatu diete minbizia edo eskizofrenia bezalako gaixotasunak dituzten presoei. Isolamendurik latzena pairatzen ari dira euskal preso politiko zenbait. Presoen kolektiboa zatitzeko eta xantaiarako txanpon gisa erabiltzeko helburuarekin presoek etengabeko mehatxu eta presio zikinak jasaten ari dituzte. Jakin badakigu azken asteetan espainiar estatuko kartzela guztietan kartzeleroek presoei galdeketa zuzenak egiten dabiltzala, kolektiboa zatitu eta desegiteko helburu argiarekin.
Hala ere kolektiboak aurre egin die muturreko neurri guzti hauei eta gehiagori. Euskal preso politikoen eskubideen aurkako urraketa bat egon den lekuan kolektiboaren irmotasuna, duintasuna eta gizatasuna egon dira. Eta hein handi batean hori izan da espetxe politika ankerrak porrot egin izanaren arrazoia.
Egoera politikoa irauli da azken hilabeteotan Euskal Herrian. Euskal Herriko eragile sindikal, politiko eta sozialek bat egin dute herri hau gatazka mingarri honetatik demokrazia egoera batetara eramateko lanean. Urrats garrantzitsuak eman dira bide horretan, eta ukaezina da euskal jendartean badagoela ilusio bat, gogo bat behingoz gure herriak justizia eta demokrazia ezagutu ditzan.
Hori da Gernikako akordioan gauden eragileon helburua, eta konpromisoa. Zentzu honetan, Gernikako akordioan jasotzen diren aldarrikapen ezberdinei gorputza ematen joateko ordua dela uste dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik. Lema eta aldarrikapen orokorretatik egoera zehatzak konpontzera jo behar dugu pixkanaka.
Gure aldetik urgentzia berezia eman nahi diogu euskal preso politikoen aferari. Abian den prozesu politikoak Amnistiaraino eraman behar gaitu, eta guk Amnistia bezala ulertzen dugu preso politikoak egoteko arrazoiak gainditu direla.
Bide honetan lehen urratsa sakabanaketarekin amaitzea da, muturreko neurriak indargabetzea eta Kolektiboa Euskal Herriko espetxeetan batzea, gure herrian abian den prozesu politikoan preso politikoek aktiboki parte hartu dezaten Euskal Herriko bestelako eragile politiko, sozial eta sindikalekin batera.
Gernikako akordioaren garapenak norabide honetan lanean jarri behar gaitu bertan batzen garen alderdi, sindikatu eta gizarte eragileak.
Guztion ardura da Amnistiaren bidean espetxeetan ematen diren muturreko egoera larriekin amaitzeko eta presoak herriratzeko lan egitea. Guztion artean kolektiboa zatitzeko eta desegiteko espetxeetan erabiltzen ari diren trikimailu zikinak albo batera utzi eta presoen eskubideak errespetaraztea egin behar diegu estatuei.
Zentzu honetan euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana biderkatzea izango da aurrerantzean herri honek duen erronka nagusietako bat.
Horregatik dei egiten dizuegu, abenduaren 7an Durangoko azokatik 18:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera, estatuei ozenki mezu garbi bat bidaltzeko: Utzi espetxeetan presoei xantaia eta galdeketak egiteari eta hasi behingoz muturreko neurriak altxatzen eta presoen eskubideak errespetatzen!