Berrikuntza lanak bukatuta, Sopelako udal pilotalekua erakutsi zieten kazetariei ostiral eguerdian Imanol Garai alkateak, Josu Landaluze alkateordeak, Leire Basauri Kultura eta Kirol zinegotziak eta Naiara Ibarzabal Turismo eta Komunikazio zinegotziak. Udal agintariak jende guztiari gonbita egin zion frontoiaz gozatzeko, “denon artean hain gurea den kirol honi beharrezko duen indarra emateko”. Hala ere, gauean helduko zen pilotalekua berrinauguratzeko ekitaldi handia. 22:15etik aurrera, eskupilota jaialdia jokatu zuten bertan. Apezetxea-Larrinaga eta Cabrerizo II-Cecilio bikoteen arteko norgehiagokan, 22-15 irabazi zuten lehenengoek. Bigarrenean, 22-14 nagusitu zitzaizkien Titin III eta Laskurain pilotariek Gonzalez eta Zubietari. ETB1 telebista kateak eskaini zituen partida biak. Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea frontoian egindako berrikuntzen xehetasunak ematen / ©
Sopelako Udala.