Urtero legez, "egutegi propioa" aldarrikatuz, Espainiako Konstituzio Egunari uko egin eta hainbat herri eskola antolatu ditu Euskal Herrian zehar
Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak. Uribe Kosta eskualdean, Getxoko Aixerrota institutuak eta Leioako Betiko ikastolak ireki dituzte ateak gaurko egunean, dozena bat eta zortzi lagun bildu direla, hurrenez hurren. Bestalde, Leioako Askartza ikastetxe katolikoko IAk deituta, beste hamabi neska-mutil elkartu dira Barandiaran Behekoan. Aixerrotara hurbildutako ikasleek goizeko hamarretan egindako gosariarekin indarrak hartu eta, 10:30ean, "Itsasoaren alaba" dokumentala ikusteko aukera izan dute. Ondoren, eskolako gela batera igo eta, EHUko irakasle batekin, ikastolen historia eta bilakaera aztertu egin dituzte. Ordu batak aldera, neska-mutilek tokiko patioan luncha hartu eta, goiza amaitzeko, Ikasle Abertzaleak erakundeko kide batek "Hezkuntza herrien motore" izenburuko hitzaldia eskaini du tokiko liburutegian. Argazkian, gaur goizeko Aixerrotako herri eskoletako talde argazkia.