Metro Bilbao garraio enpresak "erabat neurrigabetzat" jo ditu abenduaren 21etik 25era bitartean
aurreikusita dauden lanuzteak. Era berean, "Bizkaiko gizarte osoarentzat iraingarriak" direla adierazi du. "Izan ere, San Tomas egunean soilik 150.000 bidaiariri eragingo zaie, gutxi gorabehera", Metro Bilbaoko arduradunen arabera. Hurrengo greba jardunaldietan, berriz, "eguneko 70.000 bidaiariri eragingo litzaieke".
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeak (EKA) bere aldetik, "gehiegizkotzat" jo ditu lanuzteak, "Gabon gauean aipatu zerbitzua beharrezkoa delako". Enpresa batzordeak abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, goizez eta arratsaldez bi orduko geldialdia egitea erabaki du, ELA, LAB, CIM eta ESK sindikatuaren babesarekin. Horrez gain, hilaren 22, 23 eta 24an, goizean eta arratsaldean, ordubeteko geldialdia egitera deitu ditu langileak enpresa batzordeak. Eguberri egunerako, berriz, lanuzteak sindikatu guztien babesa jaso du, baita CCOO eta UGT sindikatuena ere. Egun horretarako, geldialdia gauerditik goizeko 10:15era arte izango da. Argazkian, greba eguna Metro Bilbao garraio enpresan / cc-by-sa Koska irratia.