Eskupilota partida bi eskainiz berrinauguratu zuten joan den ostiralean Sopelako udal pilotalekua. Bada, norbaitek sarrerak aurretiaz erosteko interesa bazuen, “nahitaez Sopelako batzokian erosi behar zituela” salatu du tokiko ezker abertzaleak. Hori dela eta, berriro ere Sopela eta batzokia “nahastea” egotzi diote EAJri. Sopela.net agerkari digitalean zabaldutako artikuluan gogoratu dutenez, 300 argazkiren bidez Sopelako historia biltzen duen “Herri baten aldiuneak” liburua lortu ahal izateko 21 egunetan "Deia" egunkaria erosi behar zela salatu zuten orain hilabete batzuk zinegotzi independentistek. Ezker abertzaleak mozioa aurkeztu zuen aipatu lana salmenta librean jar zezaten udal instalazioetan. Lau hilabete beranduago “gauza bera” egitea leporatu diote EAJri: “pilotalekura joateko sarrerak batzokian erosi behar dira”, aipatu dutenez. Argazkia: © Sopela.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!