Igande honetan, hilak 12, urteroko gala egingo du Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE). Bertsolaritzaren alde egindako ibilbidea saritzeko, beren-beregi, Aitor Zumalabe diseinatzaile bilbotarrak sortutako Ahobi sariak banatuko dituzte aipatu ekitaldian, orain hamar urte hasitako ohiturarekin jarraituz. Aurtengoa, baina, jaialdi berezia izango da, ALBEkoek nabarmendu dutenez. Trino Azkoitiak eta Joseba Santxok jasoko dute Ahobi sari bana, duela 30 urte Algortako Bertsolari Eskola sortu zutenean ekin zioten lanari merezi duen aitortza eginez. Jaialdia Algortako Kasinoan (Basagoiti Etorbidea, 47) izango da, 19:00etatik aurrera. Besteak beste, Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak, Sustrai Kolinak eta Jon Maiak eskainiko dute bertso saioa. Horretaz gain, Gibel Urdinak musika taldearen emanaldia eta hamaika sorpresa gehiago izango dira. Argazkian, Ahobi saria / ©
ALBE.