Azoka 10:00etan zabaldu eta ordu bete beranduago trikitilari eta txistularien doinuekin girotuko dute. Ordu horretan, Errekalde plaza txikientzako topagune izango da, hainbat tailer eta ponien ibilbideak egongo baitira. Bestalde, toki berean, harri jasotzaile eta aizkolari erakustaldiak egongo dira. 12:00ak aldera, “Leioako Elizateko Udala” izeneko lehiaketaren 12. edizioaren txanda izango da. Horretan, Idiazabal Jatorrizko Izendura duen Bizkaiko gaztarik onena sarituko dute. Ordu berean, Jose Ramon Aketxe plazan, azokako produktuen dastatzea izango da, Eusko Labela duen Lumagorri oilaskoa protagonista izango dela.
Eguerdiko ordu batean, Bulebarrean, animaliei buruzko azalpenak emango dira eta arraza bakoitza zein den eta ze ezaugarri dituen azalduko zaie herritarrei. Ordu bete beranduago, momenturik garrantzitsuena helduko da, Leioako nekazari bati omenaldia egingo baitzaio. Horren ostean, gazta lehiaketaren sari banaketa izango da eta azokaren girotzean eta dekorazioan parte hartzen dutenen sailkapena ere publiko egingo da.
Olentzero eta Mari Domingi
Olentzerok eta Mari Domingik ere bisitatuko dute igandean Leioako Nekazari eta Abeltzaintza Azoka. Berbalamiñe tokiko euskara elkartearen postuan egongo dira eguerdiko 12:30ean. Bertan, ikazkin zaharraren figurak, gabon kanten bilduma eta kamiseta ederrak eskuratzeko aukera egongo da, baita pintxo bero eta goxoak dastatzeko ere. Gainera, umeek euren gutunak Olentzero edota Mari Domingiri zuzenean eman ahal izango diete.