Igandean, urteroko gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) azoka egingo dute. Berritasun bezala, Txu-txu tren batek Areetako kaleak zeharkatuko ditu herritarrak karpara hurbiltzera animatzeko. Jardueren artean, txapen eta birziklapen tailerrak izango dira, pailazoak eta bidezko merkataritza produktuen dastaketa.
Astelehen goizean, Lehen Hezkuntzako 200 bat ikaslek herrien garapenean urak daukan garrantziari buruz egindako lanak aurkeztuko dituzte. Horiek Zabalketa GKE getxoztarraren "Zabaldu Mundura" proiektuaren barrukoak dira eta honako hauek parte hartzen dute: Nuestra Señora de Europa, Larrañazubi, San Inazio, Azkorri, Madre del Divino Pastor, Gobela Ikastola eta Gaztelueta.
Jarduera iraunkorrak
Jarduera iraunkorren artean 2009an subentzionatutako proiektuei buruzko bi panel izango dira; karpatik egin daitekeen ibilbideari esker Getxok munduari eta munduak Getxori ematen diotenari buruzko hausnarketa egin ahal izango da; genero jolasak, ludoketa eta bi erakusketa ikusi ahal izango dira. Lehenengoa, Medicus Mundi taldearena da malariari buruzkoa eta bestea Unesco Etxearena, klima aldaketaren gainekoa. Erakusketa hori, karpapeko jarduerak amaitutakoan, Gobela kiroldegian izango da ikusgai, abenduaren 14tik 30era bitartean. Erakusketa zein abenduaren 21ean klima aldaketa eta lankidetzari buruz izango den jardunaldia joan den urrian Getxon martxan jarritako proiektu aitzindariaren partea dira. Horren asmoa da klima aldaketak herrien garapenean duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzea.