Itxialdiak egiten ari dira Sevilla II espetxean dauden euskal preso politikoak, tartean Urtzi Paul algortarra dagoela, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez zabaldu duenez. Espetxeko zuzendaritzak hainbat aldaketa burutu ditu azken asteotan eta horiek eragin zuzena dute bertan dauden gatibuen bizitzan. "Orain arte espetxe honetan dauden euskal preso politikoak isolamenduko moduluan izan dituzte galeriatan bosnaka eta seinaka banatuak. Orain dela hiru aste binaka jarri zituzten beti ere isolamenduko moduluan. Hauetako hiru bereziki baldintza oso gogorrak dituen galeria batetara eraman zituzten, bertan lehen graduan klasifikaturiko presoak daudelarik. Patioa oso oso txikia da eta bizi baldintzak ere onartezinak direla esan dute bertan dauden presoek", azaldu du errepresioaren kontrako mugimenduak. Gauzak horrela, bi egunez jarraian itxialdia egiten ari dira, eta hirugarrengoan normal ateratzen dira. Bisitak ere normaltasunez egiten dituzte. Argazkian, 2009ko abenduaren 22an ehunetik gora lagunek salatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak aurreko egunean Urtzi Paul Larrea atxilotu izana.