Aurreikuspenen arabera, bi mila atleta inguru lehiatuko dira igande honetan, hilak 19, Getxo udalerrian barrena egingo duten Itziar Lopez de Uralderen Oroimenezko Lasterketaren 27. edizioan. Lehendabiziko aldiz, Itxartu talde algortarrak hartu du probaren antolaketaren ardura, Getxo Atletismo Taldearen laguntzaz. Dagoeneko izena eman duten korrikalarien artean, Elijah Muturi kenyarra, Donostiako azken Maratoiaren irabazlea; eta Lucy Karimi etiopiarra daudela nabarmendu dute antolatzaileek, gaurko prentsaurrekoan. Agerraldian, Eduardo Txopitea lasterketa horren antolatzaile eta arima zena oroitu dute bereziki. Memorialak bi proba ditu: bata testigantzazkoa, lehiakorra ez dena, bi kilometrotakoa; eta bigarrena, lehiakorra dena, memoriala bera, bederatzi kilometrotakoa. Lehenengoa 10:30ean hasiko da eta, ordu erdi beranduago, 11:00etan bigarrena; bien irteera eta helmuga, Algortako Fadura udal kiroldegian izango dela. Argazkian, gaurko aurkezpena / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!