"LZP horrek Getxoren hiri planeamendua egiterakoan bere eskuduntzetatik kanpo egiten du, Euskadiko Lurraren Legearen arabera, eskuduntza hori udalerriena denean”, adierazi du Arruek. Horregatik, PPk HAPOren idazketa taldearen kontratazioa bertan behera uztea, Getxoren behar urbanistikoen gainean adostasuna lortu aldera herritarren eta alderdi politikoen partaidetza prozesua gauzatzea, eta LZPren xedapenen aurrean Getxoren interes urbanistikoak defendatzeko beharrezkoak diren ekintza judizialak abiatzea ere eskatu du. "Hiri-guneak direnak birdentsifikatu eta Andra Mari ez ukitzearen alde", agertu dira popularrak. "LZP ez dugu behar ez eta Biztanleria, Etxebizitza eta Enpleguaren gaineko Azterketak zehazten dituen 5.000 etxebizitzak ere”. Horren ordez, udalerrian dauden 3.400 etxe hutsak baliatzea eta mila gehiago eraikitzea proposatu du PPk. Izan ere, Arruek aipatu duenez, "Etxebideren datuen arabera, 3.800 etxe behar dira Getxon".
PSE-EE EAJrekin bat
Bitartean, PSE-EEk PPri egotzi dio hauteskunde kanpaina egiten aritzea, berriro ere udal batzarrera "betiko gaia" eraman duelako: "LZPri eta, mundu guztiak dakiena, inon agertzen ez diren 8.000 etxebizitzei intsumisioa". "LZPk ez du behartzen 8.000 etxebizitza horiek eraikitzera. Lotesle gisa, soilik planteatzen du 0tik 3.034 arteko etxebizitza kopurua. PPren proposamenaren azpian dago Andra Mari dagoen moduan uztea, hots, txalet handiekin, berdeguneekin eta lurzoru xahutze izugarriarekin”, adierazi du Luis Almansak. Bozeramale sozialistak popularrak kritikatu ditu “orain berdeguneak kentzea kezkatzen dituela diotelako". "Baina, ahaztu egiten zaie bere alderdia izan zela Madrilen Lurzoruaren Legea aldatu zuena, baserri-gunea edo babestutako gunea ez den edozer urbanizagarria egiteraino”, gaineratu du Almansak. PSE-EEren aburuz, HAPO berraztertu aurreko Biztanleria, Etxebizitza eta Enpleguari buruzko Azterlana “oso baliagarria izango da ondorioak ateratzeko” eta azpimarratu dute “getxoztarrak izango garela Getxon zenbat etxebizitza eraiki erabakiko dugunak”.
Horren haritik, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak esan du, “Getxok baino ez" duela erabakiko, "partaidetza prozesu zail baten ondoren, etorkizunerako nahi dugun etxebizitza kopurua, udalerrian eduki nahi dugun biztanle kopuruaren arabera”. Arregik ere PP kritikatu du, “bere proposamenak ez duelako mami urbanistikorik". "Ez du esaten zein den udalerriarentzat nahi duten etorkizuna, zer nolako etxebizitzak... Ez eta PPk Getxorentzat zenbat biztanle nahi dituen, horixe baita, hain zuzen, zenbat etxebizitza eraiki erabakitzeko premisa. Ezin dugu ahaztu 2002az geroztik biztanle kopuruak behera egin duela, getxotar askok udalerritik alde egin duela berton ez baitzitzaion etxebizitzarik eskaintzen, biztanleak zahartu egin direla, familiaren batez besteko tamaina txikitu egin dela, 4.000 getxoztarrek etxebizitza berri bat eskatzen dutela..., datu horiek dira geroari begira, laster Getxorentzat proposamen urbanistikoak egiteko Plan Orokorraren idazketa-taldeak oinarri izango duen Biztanleria, Etxebizitza eta Enpleguari buruzko Azterlanan agertzen direnak; azterlan hori eragile politiko, sozial, elkarte eta, oro har, herritarren eskuetan utziko da, guztion artean getxorentzat nahi dugun etorkizun urbanistikoa adostu dezagun”, azaldu du Hirigintza zinegotziak.