Bihar, asteartea, Aitor Cotano preso politiko algortarraren kontrako epaiketa berri bat abiatuko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Oraingo honetan, ETAk PSE-EEk Balmasedan duen egoitzaren aurka 2007ko Gabonetan egindako atentatuan parte hartzea leporatzen diote gazteari,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Daniel Campos fiskalak 17 urteko espetxe zigorra eskatzen du Cotanorentzat.
Azaroaren bukaeran Arkaitz Goikoetxea eta Iñigo Gutierrez preso politiko getxoztarrekin batera epaitu zuten mutila, Auzitegi Nazionalean, 2008ko maiatzaren 14an Legutioko Guardia Zibilaren kuartel-etxearen kontrako atentatuan parte hartzea egotzita. Cotanorentzat, 8 urteko kartzelaldia eskatu zuen Blanca Rodriguez fiskalak, ETAri laguntzea egotzita. Argazkian, auzokide bat Cotanoren irudia sostengatzen, aurreko batean.