Ostegun honetarako, abenduak 16, hitzaldi berri bat antolatu du Leioako Kurkudi kultur taldeak. "Euskal Herriko selekzioak" lelopeko solasaldian, Egoitz Askasibar
Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) kideak eta Endika Guarrotxena Athletic-eko jokalari ohiak hartuko dute hitza. Hitzordua 20:00etan jarri dute, herriko taberna leioaztarrean. Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren afera urteroko gai bilakatu da, Gabonak gerturatu ahala. Azkeneko bi urtean ez da lagunarteko futbol partidarik izan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Federazioa eta jokalariak ez zeudelako ados oinarrietan; selekzioaren ofizialtasunari buruz, batik bat. Orain ere ez dira akordiora heldu, baina partida azkenean jokatu egingo dela ematen du. "Euskal selekzioa" izenpean arituko da taldea. Hain zuzen, abenduaren 29an izango da norgehiagoka, San Mamesen, Venezuelaren kontra. Bitartean, ESAITek jokalariei babesa eskaini die eta "egun hori ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena bihurtzeko konpromisoa" hartu du. Argazkian, Euskal Herriko futbol selekzioaren alde orain bi urte Algortan.