Getxoko Udalak eta udalerriko Etorkinen Plataformak beste urte batez gogoan izango dute abenduaren 18ko Immigranteen Nazioarteko Eguna, hainbat jardueren bitartez. “Asko daukagu emateko” lelopean, ostiralean hasiko dira jarduerak, “Acceso a la vivienda y poblacion inmigrante” izenburuko solasaldiarekin. Horretan, SOS Arrazakeria Bizkaia taldeko Miguel Navarrok hartuko du hitza, 19:00etan, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Egun berean, 21:00etan, “Welcome-Alma de clandestino” pelikularen proiekzioa izango da Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Hurrengo egunean, larunbatean, ipuin-kontatzea kulturartekotasuna eta bakea lortzeko tresna bezala erabiliko dute, 10:00etatik 14:00etara luzatuko den tailerrean. Boni Ofogoren eskutik, aisialdi begiraleei, gizarte-hezkuntza eta bitartekotzako profesionalei eta interesatu orori dago zuzenduta. Beharrezkoa da aurretik izena ematea, 944 660 151 telefono zenbakian. Tailerra Gauegun gaztelekuan izango da, Algortako Urgull kalean. Argazkian, lagun ugarik parte hartu zuten orain bi urte Etorkinen Nazioarteko Egunaren harira egindako mahai inguruetan / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!