Espedizioak sei etapatan nabigatuko du munduaren inguruan. EHUko taldeak hiru etapatan parte hartuko du. Lehenengoan, Cadizetik Rio de Janeirorakoan (Brasil), Iñigo Azua irakaslea egongo da itsasontzian. Bigarrenean, Rio de Janeirotik Lurmutur Hirirakoan (Hegoafrika), Begoña Ayo irakaslea joango da; eta azkenekoan, Cartagena de Indiasetik Cadizerakoan, Zuriñe Baña ikertzailea. Marian Unanue eta Itxaso Artolozaga irakasleek ere proiektuan parte hartuko dute, lehorretik.
Sei etapa horietan, ikertzaileek ozeano sakoneko ur-laginak bilduko dituzte (5.000 metroraino), ibilbidean aurrez ezarritako 180 gunetan. Lagin horiekin egingo dituzten ikerketek ozeano sakoneko izaki bizidunak hobeto ezagutzeko aukera emango digute. "Ozeanoaren azaleko aldea bakarrik ezagutzen dugu, argiztatuta dauden lehen 200 metroak, gutxi gorabehera. Hortik beherakoari buruz ezer gutxi dakigu", adierazi du Iriberrik. Zehazkiago esanda, proiektuaren helburua ozeano sakoneko biodibertsitatea genomikaren eta metagenomikaren ikuspegitik ezagutzea da. "Hamarnaka milioi gene berri aurkitzea aurreikusi dugu, eta aintzat hartu behar dira horrek etorkizuneko ikerketei dagokienez ekarriko dituen ondorioak. Kontuan hartu behar dugu gene bakoitza proteina baten adierazpena dela, eta erabilgarria izan daitekeela medikuntzan, elikaduran edo bioteknologian", erantsi du.
Biodibertsitatea eta Mikrobiar Prozesuak
Espedizioan parte hartuko duten taldeak hamaika ikerketa-arlotan banatu dira. EHUko taldea Biodibertsitatea eta Mikrobiar Prozesuak arloan dago, eta munduko ozeanoetan, bereziki ozeano sakonean, zer mikroorganismo dauden eta zer portaera duten ikertzeaz arduratuko da. Arlo horretan bederatzi erakundetako 30 ikertzaile arituko dira lanean bidai osoan eta erabateko elkarlana izango dute oinarri. "Espainiako ikerketa ozeanografikoan kalitate handia dago, baina baita sakabanaketa eta alferrikako ahalegina ere, elkarlana ez egiteagatik. Proiektu honen beste helburu bat ahaleginak batu eta emaitza gehiago eta baliotsuagoak lortzea izango da", adierazi du irakasleak.
Espedizioa 2011ko uztailean amaituko bada ere, proiektuak aurrera jarraituko du, jasotako laginak abiapuntu hartuta ikerketa ugari egingo baitituzte. Gainera, Malaspina Bilduma, espedizioan bildutako laginez osatua, ukiezina izango da hogeita hamar urtez, etorkizuneko ikertzaileentzako balio handiko ondare gisa.