Ikerketak Getxoko Hirugarren Instrukzio Epaitegiak gainbegiratu ditu eta aurreko urrian hasi ziren, ertzainek bandaren ustezko kideak Bilbotik ikusi zituztenean. Polizia iturrien arabera, droga Hego Amerikatik Madrilera hegazkinez garraiatzen zuten paketeetan, gero errepidetik Bizkaira ekartzeko. Diotenez, talde horrek astero hamar kilo kokaina baino gehiago mugitzen zituen lurraldean, txikizkako banatzaile ezberdinen bidez. Aurreko ostiralean hasi ziren ustezko banda desegiten, Bilbon lehenengo atxiloketak eginez. Operazioan, atxilotuen etxeak eta lonjak arakatu zituzten. Horietan bi laborategi aurkitu omen zituzten: "droga kantitate handiak mozten ziren bertan, batez ere kokaina". Herrizaingo Sailak dioenez, agenteek bost kilo kokaina baino gehiago, bi kilo marihuana, nahasketak egiteko erabiltzen den substantzia baten laurogei kilo, prentsak eta droga faltsuztatzeko tresnak atzeman zituzten.
Toxikotasun handia duten nahasketak egiteko substantzia
Ertzaintzaren arabera, kokaina faltsuztatzeko erabiltzen zituzten sustantziak osasunerako oso kaltegarriak dira. Nahasketak egiteko erabiltzen den substantzia baten (fenacetina) etiketak minbizi-sortzailea den produktua dela adierazten omen du. "Kristal-hauts zuri itxura duenez, kokaina mozteko erabiltzen dute, toxikotasuna izan arren", azaldu dutenez. "Laborategien inguruan egin zen operazioan, agenteek moztutako drogari harri itxura ematea, hau da, kokaina puru itxura ematea, lortzen zuten prentsa batzuk atzeman zituzten. Prentsaketari esker, bukatutako eta banda honen bereizgarriarekin markatuta zegoen droga bloke bat izatea lortzen zuten", gaineratu dutenez. Polizia iturrien arabera, 200.000 euro baino gehiagokoa da atzemandako sustantziaren balioa. Horretaz gain, bi auto eta ustez lapurtutako bitxiak atzeman dituzte.