"Lanen aberastasunaz, heterogenotasunaz eta bitxitasunaz" gain, artista gazteek erakustokien lekua eta beren eskura izan dituzten baliabideak "ondo aprobetxatzen dakitela erakutsi dute, ahalik eta itxurarik erakargarriena lortzeko", Getxoko Kultur Etxeak zabaldutakoaren arabera. Partaideen profesionaltasun maila handia izan dela adierazi dute arduradunek, "nahiz eta artisten bataz besteko adina 21 eta 25 urte artekoa izan". Horietako askok publikoaren aurrean erakusten duten lehenengo aldia izan da.
Zuzenezko tratua
Arte Sortu Berrien aretora hurbildutako bisitariek, inolako oztoporik gabe, artistekin mintzatu ahal izan dira erakutsitako obrez. Horrela, sortzaileen eta publikoaren arteko harreman zuzenak sortzen dira eta, "hori ez da batere ohikoa mota honetako erakustaldietan", antolatzaileen ustetan. Halaber, hainbat artistek beren lehenengo salmenta profesionalak egiteko aukera izan dute. Guzti horrek "Getxoartek izan nahi duen esperientzia praktikoa hobetzeko balio du", jakinarazi dute Getxoko Kultur Etxekoek.
Getxoarte ekimenak arte berriak zabaltzeko foro bat izatea izan nahi du. Azken urteotan erakustaldi hau sendotu egin da eta artista gazteen lanak bultzatzeko helburua ondo betetzen ari da. Arte Sortu Berrien aretoan, artistek era zuzen eta xumean ezagutzera eman dituzte euren obrak; izan ere, toki horretan proposamen artistiko oso pertsonalak ikus daitezke. Bestalde, artista berriak ezagutzera emateko, katalogo bat argitaratu dute. Besteak beste, arte munduko profesionalei bidaltzen zaien argitalpenean, parte hartzaileen curriculuma eta obrak erakusten dituzte. Gainera, museoetan eta arte aretoetan ere banatuko dute katalogoa.