Joaquin Almunia Europako Batasunaren Batzordeko presidenteordea eta Lehiarako komisarioa Getxo udalerrira etorriko da etzi, ostiralean. Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, Almunia
Euskal Enpresarien Zirkuluaren (EEZ) bazkideekin elkartuko da. Batzarraren tokia eta ordua jakitera eman ez duten arren, ekitaldia bazkariaren inguruan, mikrofonorik gabe eta ateak itxita burutuko dela hedatu da. Litekeena da bilkuraren funtsa Europako Batasunak salatutako EAEko enpresei emandako "opor fiskalak" izatea. Izan ere, EEZeko hainbat bazkidek zuzentzen dituzten enpresek jaso zituzten horrelako laguntzak. Getxoko topaketa baino lehen, goizeko 11:15ean, Almuniak "Panorama economico europeo. Situacion actual y perspectivas" hitzaldia eskainiko du bere jaioterrian, Bilbon.
Zuzendaritzaren Garapenerako Elkarteak eta Colsunorrek antolatu dute ekitaldia, Euskalduna Jauregian. Almunia entzuteak 177 euro kostatzen du. Argazkia: cc-by
Agencia Brasil.