Ertzaintzaren ibilgailu blindatu berriak aurkeztu dituzte Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 15a, 18:12
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak hurrengo urtetik aurrera Ertzaintzak izango dituen ibilgailu blindatu berriak aurkeztu ditu gaur Erandio Landako Ertzain-hirian. Ekitaldia Ertzaintzaren hainbat ibilgailu zahar Erandio, Berango eta beste udal batzuei agindu eta hurrengo egunean gauzatu da. Herrizaingo Sailaren arabera, ibilgailu berriek komunikazioa eta informatika kudeatzeko "sistema aurreratuenak dituzte, eta horiei esker ertzainek lekuan bertan eta arin hainbat lan egin ahalko dituzte: autoen matrikulak edo susmagarrien nortasuna kontsultatu, zentraletik jarraibideak eta datuak jaso, kontsultak transmititu eta une horretan inguruetan dauden beste patruilen kokapena eta erantzuteko denbora plano batean zehaztu", besteak beste. Guztira, 95 ibilgailu berri erosiko ditu Eusko Jaurlaritzak, baina ez dute zehaztu zenbat diru kostatuko duten. Argazkian, gaur aurkeztutako prototipoetako bat / © Herrizaingo Saila.
Datorren urtetik aurrera Ertzaintzak patruilatzeko erabiliko dituen ibilgailu berriek orain artekoek ez dituzten ezaugarri batzuk izango dituzte. Hauek ere blindatuak izango dira eta "balizko eraso terroristen eta kale-borroka ekintzen aurrean bidaiarien segurtasuna bermatzeko sistema aktiboak izango dituzte". Sailburuak gaur Erandion aurkeztutako ibilgailuak monobolumenak dira, eta ordezkatuko dituzten ibilgailuekin alderatuta, "izugarri" handituko dituzte polizien lanerako lekua eta barrua antolatzeko aukerak. Gainera, "asko hobetzen dituzte karrozeriaren eta motorraren ezaugarri teknikoak", Ertzaintzaren iturriek azpimarratu dutenez.

Ezaugarri teknikoak

Lanerako sistema teknikoak ere nabarmen handitu dituzte, ibilgailu bakoitzean ordenagailu zentral bat jarrita, TETRA sistemaren eta datuak transmititzeko gaitasun handiko beste kanal batzuen bidez Ertzaintzaren zentralarekin etengabe konektatuta izango diren terminal mugikor bihurtzeko. "Horri esker, ertzainek pertsonen nortasuna, ibilgailuen dokumentazioak, matrikulak, aurrekariak edo poliziaren datu-baseetan dauden gainerako datuak kontsultatu ahalko dituzte noiznahi", gaur jakinarazi dutenez. Halaber, salaketak bideratu, drogak edo legez kontrako objektuak izateagatik prozedurak hasi eta herritarren kontsultak bideratu ahalko dituzte. Nabigazio-sistema batek bizkorrago mugitzeko aukera emango diete agenteei, eta horrek murriztu egingo du herritarrei erantzuteko denbora.

Bestalde, zentralak unitate bakoitzaren kokapenari eta egoerari buruzko informazioa izango du uneoro. Horrek hobetu egingo ei du unitateen segurtasuna eta horiek koordinatzeko eta elkarri laguntzeko aukerak. Basetik jarraibideak bidali ahalko dizkiete patruilei, baita GPS helbideak ere, larrialdi egoeretan berehala bertaratzeko.

Patruilen eta zentralaren arteko komunikazio eta datu bidalketa guztiak kodetuta egongo dira, "balizko interferentziak saihestuz segurtasun maila handitzeko".

Patruila-unitate berriak, monobolumenak izan arren, kanpotik ez dira ordezkatuko dituzten Volkswagen Passatak baino lar handiagoak (ibilgailu berriak zaharrak baino lau zentimetro luzeagoak baino ez dira). Barruan, berriz, "izugarri" handitu da ertzainentzako eta horiek eraman beharreko gauzetarako lekua. Ibilgailuen gaitasun teknikoa ere asko hobetu da. Abiadura kaxa automatikoak eta 203 ZP-ko motorrak (Passatak 130ekoa du) "azkarrago eta erabilgarriago" bihurtzen dituzte unitate berriak. Beste ezaugarri garrantzitsu bat ibilgailuaren egoera etengabe kontrolatzeko sistema telematikoa omen da; ordenagailuak horren parametro nagusiak haririk gabeko konexio bidez bidaliko ditu zentralera, eta bertan automatikoki erregistratuko dira.

Bideo-kontrol gehiago

Ibilgailu berriek bi bideokamera dituzte "agenteen lanari laguntzeko". Horietako batek kanpoaldean gertatzen dena grabatu, "ibilgailu susmagarriak erregistratu, OCDR irakurgailu baten bitartez matrikulak identifikatu eta operazioen irudiak online transmitituko ditu zentralera. Beste kamera, berriz, ibilgailuan eramaten dituzten atxilotuak uneoro kontrolpean izateko erabiliko da; atxilotuen euren eta agenteen segurtasun-baldintzak hobetzeko leku berezi bat diseinatu dute bertan", beti ere Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioaren arabera.

Erosketa mailakatua

Sailburuak gaur aurkeztu dituen lau ibilgailuak ertzainen esku utziko dituzte datozen hilabeteotan, azter ditzaten. Prototipoak izan arren, Herrizaingo Sailak serieko ibilgailuei ezarri nahi dizkien oinarrizko berrikuntza tekniko guztiak dituzte. Zerbitzuan sartzen direnean, materiala etengabe berritzeko proiektu baten parte izango dira, datozen urteotan informatika alorrean bereziki agertzen joango diren berrikuntza teknologiko guztiei irekita izango den proiektu baten parte, hain zuzen.

Proba-fasea amaitu eta ertzainek proposatzen dituzten aldaketak gehitu ondoren, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan lehiaketa publikoa egingo da, ibilgailu horien produkzioa behin betiko esleitzeko. Hasteko, hogeita bost unitateko serie bat egingo da, gero 70 ibilgailuko beste bat gehiago, eta serie gehiago egingo dira ondoren, bata bestearen atzean, gaur egungo Volkswagen Passat guztiak ordezkatu arte, horien ziklo operatiboa bukatu ahala.

Herrizaingo Sailak zabaldutako argazkiak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun