Duela aste batzuk 300 militantek egindako agerraldian, proiektu politiko berriaren oinarriak aurkeztu zituen Iruñean
ezker abertzaleak. Larunbat honetarako, berriz, Euskal Herri osoan mobilizazio eguna deitu dute, "legalizazioaren aldeko ofentsiba politikoa" abian jartzeko asmoz. Besteak beste, Itzubaltzeta / Romon eta Leioan 13:00etan egingo dituzte giza kateak, Kolas eta Tigre plazan, hurrenez hurren. Algortan, baina, bihar egingo dute mobilizazioa, 20:00etan, Telletxe plazatik abiatuta. Jende katearen irudiak Telletxen bertan, Tellagorri plazan eta Portu Zaharrean hartuko dituzte. Izan ere, Euskal Herri osoan egindako ekimenen grabazioak uztartuta bideoa egingo dute. Irudi horiei batu beharko zaizkie Sopelan hartutakoak. Bertan, agenda arazoak direla medio, igandean egingo dute giza katea, 13:00etan Udaletxeko plazatik abiatuta.