“Getxotik Mundura-Mundutik Getxora” topaketa solidarioen 23. edizioak inoiz baino partaidetza handiago eduki du, bost mila bat lagun, udal iturriek adierazi dutenez. Hiru jardunalditan, abenduaren 11tik 13ra, tokiko erakundeak eta auzokideek finantzatutako proiektuak eta Hegoaldeko herrialdeen errealitatea hurbiletik ezagutzeko aukera eman dute hogei gobernuz kanpoko erakundek. Areetako Xake plazan kokatutako karpan egindako jardueren artean, larunbatean izandako kontzertua —Euskal Herriko, Afrikako eta Andaluziako musikak uztartu zituen— eta igandeko GKEen azoka nabarmendu behar dira. “Oso positibotzat jotzen dugu auzokideen partaidetza eta bizi izandako jai giroa. Oso urrun ditugun beste errealitate batzuk ezagutzeko herritarrek erakutsi duten interesa ere eskertu nahi dugu”, azpimarratu du Begoña Ezkurra zinegotziak. Argazkian, "Getxotik Mundura" topaketen artxiboko irudia / © Getxoko Udala.