ELA-Ertzaintzaren hainbat delegatuk itxialdia abiatu dute gaur goizean Erandio Landako Ertzain-hirian. Zehazki, protesta Herrizaingo Sailak bertan duen Giza Baliabideen eraikinean egiten ari dira, negoziazioetarako erabiltzen den gelan. Itxialdiak Rodolfo Ares sailburuaren kargu-uztea "berriro ere" eskatzea eta Ertzaintza berrantolatzeko plangintza berria salatu eta bertan behera uztea ditu xede. Vasco Press albiste-agentziak zabaldutakoaren arabera, ekimena bihar goizera arte mantendu dute. Izan ere, itxialdiari lekukoa hartuko dio biharko prestatu duten errebindikazio eta salaketa eguna. ELAko ertzainen aburuz, berrantolaketa plana "ertzainen interesen aurka orain arte ezagututako erasorik handiena" da. Ildo horretan, plana aurkezteko erabilitako "manipulazioa eta marketing-a" salatu dituzte. Argazkian, Lopez lehendakaria eta Ares sailburua Erandio Landako Ertzain-hirian pasa den maiatzean / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!