Lehiaketan parte hartzen duten lokalek pintxo bakarra aurkeztu ahal izango dute eta euro batean saldu. Hiru sari banatuko dituzte: epaimahairena, publikoarena eta "hizkuntza-paisaia txukunena" duen establezimenduari emango diotena. Lehiaketako pintxoren bat eskatu ondoren, tabernariek txarteltxo bat emango diete bezeroei, batetik, pintxoari euskarazko hitz polit bat idazteko eta, bestetik, pintxoa 1etik 10era puntuatzeko. Botoa ematen dutenen artean, Eusko Labela duten produktuen otzara bat eta bi lagunentzako afaria zozketatuko dituzte. Pintxoa egiterakoan, ostalariek Eusko Labela duten produkturen bat erabiliz gero, horien artean ere otzara zozketatuko dute.
Getxoko Udalak parte hartzaileen kokapenaren berri ematen duen maparen 35.000 ale bidali ditu getxoztarren etxeetara. Horretaz gain material ugari atera du, tartean 40.000 diptiko, tabernetan eskegitzeko 1.500 bandera, ehun bat kamiseta, kartelak, 300 amantal, pintxoetan ipintzeko 10.000 zotz, 5.000 puxika eta euskarazko abestien CDak bi egun horietan tabernetan ipintzeko. Bestalde, hiztegi erreza, elkarrizketa eredu batzuk eta hainbat menu biltzen dituen “Tabernaz taberna, ahoz aho” izeneko 5.000 gida banatuko dituzte ostalarien artean.
Kale animazioa
Asteburu osoan zehar, kale animazioa izango da udalerri osoan zehar, besteak beste, Andres Isasi Udal Musika Eskolako fanfarrearekin, trikitilari eta soinulariekin. Euskarazko abesti ezagunak joko dituzte, giroa alaitzeko eta jendea abestera animatzeko. Horrekin batera, Jon Urraza eta Itxaso Paya aktoreek, kale-antzerkia egingo dute sukaldariz jantzita, jendea tabernetan sartzera animatzeko eta ekimenaren berri emateko. Aktoreek ezpainzapia, gidatxoa eta globoak banatuko dituzte. Aurten iaz baino hamar lokal gehiagok parte hartuko dute lehiaketan. Aurreko edizioan, taberna batzuek 300 pintxo baino gehiago saldu zituzten eta, guztira, bezeroen 3.500 boto jaso ziren.