Gabonetarako tenis eta padel txapelketak antolatu ditu aurten ere Barrikako Abaroa kirol taldeak. Biak ala biak abenduaren 18tik 31ra bitartean izango dira. Tenisari dagokionez, federatutakoen kategoriako partiden egutegia izena eman dutenen arabera prestatuko dute. Federatuta ez dauden jokalariak, berriz, ondokoetan banatuko dituzte: haurrak, kimuak eta benjaminak. Modalitateak hiru izango dira: gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoa. Kontsolazio norgehiagokak jokatuko dira kategoria guztietan. Bestalde, padel txapelketa, izena eman duten bikoen arabera antolatuko dute, gizonezkoen eta emakumezkoen mailan; eta ligaxka eran jokatuko dute, denek denen aurka. Multzo bakoitzeko bikoterik onenek egingo dute aurrera eta azken fasea jokatuko dute. Super tie-break-ak izango dira (10 puntu), batutako puntu guztiak zenbatuko direlarik. Azken fasea, finalerdietatik aurrerakoa, hiru set-etik onenera jokatuko da, azkena super tie-break-arekin. Argazkian, padel partidak Barrikan / © Barrikako Udala.