"Xabi eta Alfon etxera!" lelopean, bihar, larunbata, manifestazioa egingo dute Uribe Kostako bi itsas-hiribilduetan barrena. Arratsaldeko zazpietan irtengo dira Gorlizko Eliz plazatik eta, herriko kaleak zeharkatu ostean, Plentziako udaletxera abiatuko dira. Bertan, bi udalerrietako hainbat eragilek hitza hartuko dute, Xabier de la Maza preso gazte gorliztarraren eta Afrikako Sao Tome uharte txikian erbesteratuta dagoen Alfonso Etxegarai plentziarraren eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko. Joan den igandean 70 bat lagunek elkartasuna adierazi zieten errepresaliatu politiko biei, Gorliz eta Armintza arteko mendi martxan. Ibilbidean zehar talde argazkiak ateraz, Ermuamendira igo ziren eta, ondoren, Armintzara helduta, triki-poteoa egin zuten herriko tabernetatik. Azkenik herriko frontoian bazkaria egin zuten. Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzaleak adierazi duenez, "larunbatean urtebete izango da Xabier de la Maza gure laguna atxilotu zutenetik. Ez dugu ahazten! Bestalde, Alfon Etxegaraik 25 urte daramatza Sao Tomen etxera itzuli ezinik! Xabi eta Alfon etxean nahi ditugu!". Argazkian, joan den igandean egindako mendi martxaren irudi bat / © Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalea.