Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Planak hainbat ekintza aurreikusten ditu, helburu horiek bete daitezen. Horien artean daude irakasleentzako laguntza-gida bat osatzea, euren irakasgaietan genero-ikuspegia txerta dezaten; ikerketarekin lotutako "Jardunbide egokien eskuliburua" osatzea, jakintza-arlo guztientzat; "Jarduteko protokoloak" diseinatzea, berdintasunaren aurkako zeinahi ekintzaren kontra jo ahal izateko; hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzea, nola irakaskuntzan hala unibertsitateko araudian, ekitaldi publikoetan eta barne- eta kanpo-komunikazioetan.
Aurrekariak
EHUk ekintza ugari egin izan ditu genero-berdintasunaren arloan, unibertsitateko arduradunen arabera. Alabaina, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Planari Berdintasunerako Zuzendaritzak eginiko ekintza garrantzitsuena deritzote, 2006ko ekainaren 15ean eratu zenetik. Plana osatzeko zereginean, 2009ko maiatzean sortutako Berdintasunerako Batzordeak parte hartu du, eta "unibertsitate-komunitate osoaren ekarpenak ere oso garrantzitsuak izan dira", aipatu dutenez. EHUko Gobernu Kontseiluak uztailaren 22an egindako bileran onartu zuen plana; behin onartuta, dagoeneko erabilgarri dago. Hala, bertan xedatutakoa dagoeneko praktikan jarri da, batez ere, Unibertsitate Hedapenerako eta Gizarte Erantzukizuneko Errektoreordetzaren mendeko Berdintasunerako Zuzendaritzaren bitartez.
Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen iritziz, "Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Plan hau osatu eta gerora Euskal Herriko Unibertsitatean aplikatu izana ez da, soil-soilik, lege-arau bat betetzearren egindako lana. Oso garrantzitsua da, nire ustez, ideia hau azpimarratzea: instituzioen agindu bati bide emateaz gainera, irmotasun erabatekoaz sinesten dugun printzipio bat berresten ari gara".