Arkaitz Estiballes nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Barakaldoko BECeko aretoa 4.200 bertsozalek betetzen zutela, giro ezin hobean ospatu da Bizkaiko bertsolaritzaren festa. Etxahun Lekuerekin batera heldu da buruz-burukora Estiballes eta 947 punturekin suertatu da irabazle. Berak osatu du finaleko bertsorik borobilena, 52 puntuz: bakarka, gaia emanda, doinu eta neurri librean botatakoa, alegia. Aita Luis Baraiazarrak jantzi dio txapela eta, galdakaoztarrak, Ondarroari eskaini dio aurretik jasotako aginte makila, “intsumisioari baketsu lotutako herria” izateagatik. Bitartean, Jone Uria Albizurik seigarren egin du, 483 puntu erdietsiz. Alcalan preso daukaten bere herrikide eta bertso eskolako lagun Gabi Basañezi aurten Algortako Olentzero izatea opatu dio Uriak. Fredi Payari, berriz, emandako aholkuak eskertu dizkio. Argazkian, gainontzeko finalistak txapeldunarekin batera oholtzan.