Ezker abertzalea legezta dezatela eskatzeko asmoz, ehun giza-katek baino gehiagok zeharkatu dituzte Euskal Herriko beste horrenbeste herri eta auzo. Uribe Kosta eta Erandion, algortarrak izan ziren goiztiarrenak. Ostiral iluntzeko zortzietan abiatu ziren ehun bat lagun Telletxe plazatik, Tellagorritik igarota, Algortako Portu Zaharrean bukatzeko. Larunbat eguerdian, besteak beste, Astrabuduako Josu Murueta, Leioako Tigre eta Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazetan ziren hitzorduak eta, horietan ere, dozenaka gizon-emakumek heldu zieten "Ni ere legalizazioaren alde!" irakur zitekeen kartelei. Urdulizen ere egon zen mobilizazioa. Azkenik, igandean, Sopelako herrigunea zeharkatu zuen herritar ilara luze batek. Besteak beste, errepresioarekin amaitzea, Euskal Herriarentzako demokrazia eta atxilotutako azken gazteak askatzea aldarrikatu zituzten, Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez. Hainbat kaletatik igarota, udaletxeko plazara bueltatu ziren, bertan oihal ezberdinekin ikurrina bat osatzeko. "Eusko Gudariak" abestuta eman zioten bukaera mobilizazioari. Argazkian, giza-katea ostiralean Algortan.