Andra Mari Auzo Elkarteko kidearen arabera, gazteek ez dute Getxotik alde egiten etxebizitzarik ez dagoelako, udalerrian etxeak "oso garestiak direlako" baizik. Bestalde, lehen aipatu azterlanak bigarren etxebizitza "beharrezkotzat" jotzea kritikatu zuen Madariagak; "benetako beharrizana dena lehenengo etxebizitza delako". Andra Mari aldekoek orain ez asko Getxoko Auzokideok plataforman bildutako elkarteen babesa izan zuten larunbateko martxan; baita hainbat alderdi politikoena ere. Besteak beste, Azkorrirainoko bidea egin zuten Mariespe Fuertes eta Christian Reinicke ezker abertzaleko hautetsiek; EAko Fernando Burzako Ingurumen zinegotzi ohiak; eta PPko zinegotzien erdiek, Marisa Arrue buru zutela. Uribe Kostako LZPren Aurkako Asanbladak ere parte hartu zuen. Hain zuzen, Andra Mari Gure Lurra elkartea gogor kritikatu dute azken horiek, Getxoko Udalarekin izenpetutako hitzarmenagatik.
Uribe Kostako LZPren Aurkako Asanbladaren oharra:
Uribe Kostako LZPren Aurkako Asanbladak, Andra Mari Gure Lurra (AMGL) elkarteak eta Getxoko Udalak udal batzarrean sinatutako akordioa dela eta, salatu nahi du:
• LZPa Andra Marin (Getxoko azkenengo landa-gunea) eta Uribe Kosta osoan kalte ekologiko ikaragarriak eragingo dituen proiektu txikitzailea dela.
• Etengabeko urbanizazio prozesu honek auzokideen arteko harremanak eta herrien nortasuna galarazten dituela.
• Aipatutako akordioaren bitartez LZPren benetako aplikazioa ezkutatzen ari direla: inposizioa. Andra Mariko auzokide elkarte bakar batekin hitz egitea herriari galdetzea izan al da?
Gainera, AMGL-k 8.000 etxebizitza ez zirela eraikiko esan zuen. Horri erantzuna emateko, LZPren dokumentuan aipatzen dena baino ez dugu esango: “Gutxieneko balioa: balio honek udal planteamentuak erreferentzia epean (16 urte) bermatu beharko duen etxebizitza kopurua” (V. titulua, II. kapitulua, 60.5.b Kapitulua).
Izan ere, Getxon 8.548 etxebizitza kopurua dagokio B parametroaren minimoari (0); eta 11582 etxebizitza B-ren maximoari (3.034). Beraz, nahiz eta B minimoa izan, ez dira izango 4.000 etxebizitza, elkarte honek esan duen moduan.
Getxon eraikiko diren etxebizitza tarte horren barruan Hiri Lurzoruan aurretik planeatuta zeuden ia 2000 etxebizitza kokatuko direla ere esan zen udal batzarrean. Hau ez da egia, LZPk eraiki gabeko lurzoruaren garapen berriak baino ez dituelako ezartzen.
“Optimizacion del patrimonio edificado”-ren arabera eraikiko diren etxebizitza kopurua mugatzen dela esan zuen AMGL elkarteak. Nabarmena da Getxoko udalerrian zelako optimizazioa dagoen, 3.799 etxebizitza hutsekin… (EUSTAT, 2004).
Amaitzeko, Getxon bakarrik 4.000 etxebizitza eraikiko balira ere, ez genituzke nahi izango, uste dugulako beharrezkoak ez direla, eta Getxon dagoen landa-gune bakarrarekin amaituko dutelako.
Andra Mari Gure Lurra, bai zera! Andra Mari Gure Etxeak!
Negoziaziorik ez, LZP gelditu eta kitto!
Ikusi larunbateko martxa iruditan: