Santa Anako erabilera anitzeko eraikina inauguratuko dute ostegunean Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 20a, 23:56
Santa Anako erabilera anitzeko eraikina inauguratzeko ekitaldien buru izango da abenduaren 23an Anabel Landa Berangoko alkatea. Aipatu jardunaldian parte-hartze nabarmena izango dute tokiko elkarteek, udal iturriek adierazi dutenez. Horien hitzetan, "data esanguratsua izango da udalerriarentzat, kultur-egitaraua nabarmen areagotzeko aukera emango duen ekipamendu berria zabalduko baitute". Baina, tokiko kultur eta kirol taldeei biltzeko zein jarduerak antolatzeko tokia eskaintzea izango da azpiegitura horren helburu nagusia. Santa Anako kultur etxetik eta baselizatik gertu, hainbat kolektibok erabiltzen zuten eraikin zaharra bota behar izan zuten hori eraikitzeko. Antzina auzoko ikastetxe publikoa hartzen zuen etxe horrek eta Santa Anako hautesleku bezala ere erabili zen. Jendarte eta kultura helburuetara bideratutako azpiegitura berria da egungoa. Argazkia: © Berangoko Udala.
"Guztiz beharrezkoa zen kultura eta jendarte arloak sustatzeko horrenbeste egiten duten Berangoko talde hauei hobeto hornitutako gunea eskaintzea. Euren lana berebizikoa da gure herriarentzat", nabarmendu du Anabel Landak. Eraikin berriak diseinu modernoa dauka. Azalera erabilgarria aurreko ekipamenduaren boskoitza da, mila metro koadro aisa gaindituz. Gainera, aukera handiagoak ematen ditu, auditorioak formatu ertaineko ikuskizunak hartu ahal izango dituelako. Bertan eskainiko dituzte zinema saioak, antzezlanak edota dantza ikuskizunak. Berrehun lagunentzako tokia dauka, baita Berangoetako kultur etxea bezalako ekipamenduek dituzten argi eta soinu sistema modernoagoak ere. Ikusleek eroso egoteko aukera izango dute, mailetan antolatutako eserlekuen bitartez.

Energia-eraginkortasuna ere ez dute alde batera utzi. Garrantzi handia eman zaio kontsumoa aurrezteko teknologia berriak erabiltzeari. Horren adibiderik argiena, instalazioen barrualdea girotzeko, lurreko tenperatura erabiltzen duen sistema geotermikoa. Hori lortzeko, zazpi zundaketa egin dituzte 150 metroko sakoneran. Bero ponpa baten bitartez, eraikinaren barrualdera bideratuko dute airea. Sakonera horretan, neguan beroa izaten da airea, eta udan hotza.

Eguneko ekitaldiak

Inaugurazio ofiziala, xingolaren mozketa barne, arratsaldeko seietan hasiko da. Hala ere, ordu erdi lehenago hasiko dira ekitaldiak, Santa Anaka erabilera anitzeko eraikin berrian. 17:30ean, 3 eta 12 urte arteko neska-mutilentzako tailerrak izango dira. Bertan, 1 eta 3 urte arteko txikientzako gunea ere izango dute aita-amek. Begirale bat arduratuko da horiek zaintzeaz, gurasoek egunerako prestatutako antzezlan, dantza ikuskizun eta sorpresez goza dezaten.

Behin eraikina bedeinkatuta –Felix eta Juan jaunek, tokiko parrokoek parte hartuko dute ekitaldian– abiatuko dira ikuskizunak. Tokiko antzerki taldeak Fernando Ansoleaga zuzendariak prestatutako lan berezia eskainiko du. Ondoren, Simon Otxandategi dantza taldeak eta abesbatzak saio bana eskainiko dute. Bestalde, Impromptu taldeko piano-jotzaileak egungo musika piezen pot-pourria interpretatuko du, beste talde baten eskutik, Berangoko gazteei zuzendutako kontzertuarekin amaitzeko.

Modernoa eta erabilgarria

"Argi eta garbi erabilgarritasuna eta erabilera aniztasuna dira abenduaren 23an ateak irekiko dituen azpiegituraren xedeak", udal arduradunek diotenez. Tokiko taldeentzako guneez gain, hainbat jarduera egiteko gelak eta aretoak izango ditu: besteak beste, mahai-inguruak, hitzaldiak, tailerrak, zinema-sesioak, kongresuak, topaketak eta jaialdiak egiteko. Auzoko edadetuek ere irakurriz gozatzeko, berba egiteko edo kartetan jolasteko topalekua izango dute bertan. Euri edo hotz-egunetan, Santa Anako aiton-amonak Sabino Arana kaleko nagusien etxeraino joan behar ez izatea da kontua.

Bestalde, lokalez gain, entrenatzeko aretoa ere izango du Berangoko Txirrindulari Elkarteak. Hala ere, auditorioa izango da piezarik garrantzitsuena, Santa Ana kultur ekitaldi handien jomugan jartzeko asmoz. "Bandalismoaren kontrako materialez" hornituta, itxura modernoa eta eraginkortasun energetikoa uztartzen ditu erabilera anitzeko eraikinak. Nabarmentzekoak ere badira klimatizazio sistema geotermikoa edota iluminazio naturalaren eragilera paregabea.

Inbertsioak eta lokalak

1. fasea…….784.250,74 euro.
2. fasea…….733.207,31 euro.
3. fasea…….690.000,00 euro.

Beste inbertsioak: 41.284,66, 15.676,45 eta 58.950,97 euro.

GUZTIRA: 2.323.370,13 euro.

Txirrindularitza……... 94 metro koadro.
Biltegia……..............190 metro koadro.
Eszenatokia…….....112 metro koadro.
Besaulki-patioa..…170 metro koadro.
Atartea............…….. 50 metro koadro.

Lokalak: 36 eta 57 metro koadro arteko 12 lokal eta 6 bainugela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun