Hala ere, jakizu jendea ez dela esku gurutzaturik geratu! Auzokideek ehunaka alegazio aurkeztu dituzte planaren kontra, baina Udalak ez die kasurik egin. Egia esan, ez dut ondo ulertzen zergatia. Niri andereñoak etxerako lanak gaizki egin ditudala esaten didanean, kasu egiten diot eta zuzentzen ditut. Baina Udalak ez du egin! Aurrera jarraitu du iritzi guzti horiek zakarrontzira botata! Baina ez zaitez larritu, amatxuk aurten alkateak eta zinegotziek azterketa izango dutela esan dit “hauteskundeak” edo horrelako zeozer. Ta badakizu zeintzuk zuzendu behar duten azterketa hori? Herriko auzokideok! Beraz, azkenengo 4 urteetan kasurik egin ez digutenez, ez dute gaindituko! Ta zigorra handia da benetan! Badirudi penkatuz gero ezin dela errepikatu, ez da ikastola bezala, hemen emaitza txarrak lortuz gero udaletxetik botatzen dituzte! Jeje! Horregatik ezin dut ulertu zergatik jartzen duten dirua auzokideen beharrizanen gainetik. Aitak “apoltronatuta” daudela esaten du, ez dit azaldu zer den, baina beharbada egia izango da.
Hori dela eta, argi daukat zein den aurten eskatuko dizudan oparia: ilusioa. Hori baino ez, baina ez niretzat soilik, baizik eta plan honen aurka dauden guztientzat. Ilusioa, kemena, ausardia, indarra ta itxaropena ezinbestekoak dira planari aurre egiteko. Honekin batera, jendearen parte hartzea bultzatzeko eskatuko dizut. Badakizu zergatik? Denok batera egonda ezin izango gaituztelako gelditu!.
Denok batera oihukatuz gero, entzun beharko gaituzte, eta ez hori bakarrik, astakeria hau atzera botatzera behartuko ditugu. Gure herria da jokoan dagoena, gure nortasuna, gure izana,. Denon artean lortuko dugu!
Eskutitz horrekin urte berri ona opa du Berango Eraikitzen herri plataformak.