Gabonetako Umeen Parkeak astelehenean zabalduko dute berriro, 11:00etatik 15:00etara; jolasekin batera, Gabonetako postal eta kotoizko elur panpinen tailerrak izango direla. Hilaren 28an, berriz, "Txarko Txou" ikuskizuna eskainiko du Begira taldeak. Santa Anako auditorioan izango da saioa, 19:00etatik aurrera. Txarko eta Txurrita pailazoek magia trukuekin eta zirku zein dantza emanaldiekin alaituko dute ikuskizuna. Bestalde, gaztetxoek Bilboko Arriagako zirkura joateko aukera izango dute. Abenduaren 28rako antolatu du irteera Gaztelekuak. Informazio gehiago eskatzeko kultur etxera jo beharko da.
Hilaren 29an ere pailazoak izango dira protagonistak. Potxin eta Patxin bikoteak "Zirkua ezagutuz" ikuskizuna eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, Santa Anako auditorioan. Jolasen bitartez, zirkuko artisten bizitza erakutsiko dute. Hurrengo egunean ere Santa Anako erabilera anitzeko eraikinean izango dira ekitaldiak. 19:00etatik aurrera, Azkona taldeak eskainiko du haurrentzako muntaia. Kiki, Koko eta Moko pailazoek lamia, ninfa, zuhaitz eta har baten istorioa kontatuko dute. Zuhaitzean bizi da harra, gero tximeleta bilakatzeko.
Urtarrilean ere jarduera ugari
Urtarrilean sartuta, 2an eta 3an zabalduko dute berriro Gabonetako Umeen Parkea, udal pilotalekuan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Jolasetako batzuk nabarmentzearren, haur ludoteka, puzgarriak, surf ohola eta pedaldun kart zirkuitua izango dira. Aipatu lehenengo egunean, alezko apaingarri eta buztin tailerrek ere egongo dira; eta bigarrenean, txapak eta makillajea lantzekoak.
Bitartean, 93 neska-mutilek izena eman dute, urtarrilaren 4an, Bilbao Exhibition Center-eko Gabonetako Umeen Parkera joateko txangoan. Berangotik 9:30ean abiatuko dira autobusak eta 18:30ean egingo dute buelta. Hurrengo egunean, hilaren 5ean, izotzean patinatzeko asmoa daukate, 10:00etatik 14:00etara. 1998 eta 2002 urteen artean jaiotakoei dago zuzenduta txango hori. Interesatuek informazio gehiago eska dezakete kultur etxean. Urtarrilaren 7an, berriz, Gaztelekuak egingo du izotzean patinatzeko irteera.
Gabonetako egonaldiak
Udalerriko 150 neska-mutilek baino gehiagok parte hartuko dute Gabonetako egonaldien hurrengo edizioan. Arrakastatsua suertatu da izen-ematea. Adinaren arabera izango dira ekimenak. Ludotxikia 2005 eta 2007 urteen artean jaiotako umeentzat izango da. Besteak beste, jolasak, tailerrak, mozorroa eta mitologiari buruzko antzerkia izango dituzte, abenduaren 27tik 30era bitartean.
2002 eta 2004 urteen artean jaiotakoentzat jolasak, tailerrak, giza-futbolina, zezen mekanikoa eta zazpi legoatako botak izango dira. Ludokluban, berriz, jolasak, tailerrak, hip-hopa, kick-boxinga eta zazpi legoatako botak izango dituzte 1998 eta 2001 artean jaiotakoek. Bitartean, abenduaren 27tik urtarrilaren 7ra bitartean, jarduerak egingo dituzte Gaztelekuan, 16:00etatik 20:00etara. 1993 eta 1997 artean jaiotakoentzat izango dira.
Bestalde, abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra, ez dituzte ateak arratsaldez zabalduko Ludotekak eta Haur Liburutegiak.