Bertaratutako medioei egindako adierazpenetan, eurak zein euren astoa istriputik onik atera zirela azaldu zuten eta gertatutakoa tokiko ohiturekiko errespetu falta iruditzen zitzaiela. Mari Domingiren esanetan –horrela identifikatu zen kaltetutako emakumea- “duela urte batzuk pentsaezina zen horrelako gertaera bat Euskal Herrian eman zitekeela; gizon ezezagun bat gure lurretatik paseoan 9 oreinek tiratutako lera batean, gure aireko espazioa okupatuz eta gure kulturarentzako mehatxu bat suposatuz”. Bere bikotekideak, Olentzero deiturikoa, munduko beste lurraldeetan horrelako ohiturak bazirela bazekitela gaineratu zuen, baina sekula ez zutela pentsatuko horren erraz iritsiko zirenik gure herrira, euren bizitzak baldintzatzera ailegatuz. “Gu globalizazioaren zurrunbiloaren lehen kaltetuetariko batzuk izan gara, baina uste dogu, gure ohiturei eutsiz, berau gelditzeko kapaz izango garela”. Hori izan zen bikote honek euskal jendarteari, txikienei bereziki, helarazi nahi izan zioten mezua.
Erredakzioa: Erandioko Gazte Asanblada