Izotz pista ere badauka aurten Getxolandiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 23a, 20:12
Astelehenean ikastetxeetako taldeentzat zabaldu bazuten ere, edonork bisita dezake jada Getxolandia Gabon parkea. Aurten, 25 urte betetzen ditu eta bi eremutan banatuta dago: Areetako Xake plaza eta Algortako Biotz Alai plaza. Lehenengo tokian, ohiko jolasak izango dira: kirol simulagailuak, ohe elastikoak eta karrusela, besteak beste. Algortan, berriz, joan den ostiralean, hilaren 17an, zabaldutako izotz gainean patinatzeko pista aurki daiteke. Ohi bezala, jolas-parkea 2.500 metro koadroko karpa batekin estali dute Areetan. Urtarrilaren 5era arte, Xake plazan dauden jolasez gozatzeko aukera izango dute neska-mutilek, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Izotz pista, ordea, lau egun beranduago itxi egingo dute; urtarrilaren 9an, alegia. Argazkian, ume zein gurasoak Getxolandiako jolasekin gozatzen.
Areetako jolas-parkea

Aurten, 8 eta 16 urte arteko erabiltzaileak erakartzeko asmoz, ohiko jolasekin batera, bederatzi simulagailu berri hartuko ditu Xake plazako karpak. Horietan, hainbat kirol egiteko aukera izango dute neska-mutilek: moto-krosa, piraguismoa, snowboard-a, txirrindularitza, surfa, ur-motoziklismoa, delta hegala eta golf-a. Jolas eta simulagailuetarako sarrera 3,50 eurokoa da eta txartel bakoitzak 6 bidaia egiteko aukera ematen du. Hilaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean ordubete lehenago itxiko dute arratsaldez jolas parkea; 20:00etan, beraz. Hilaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, berriz, ez dute zabalduko.

Algortako izotz-pista

Algortako Biotz Alai plazan izotz gaineko patinaje pistaz gozatu ahal izango dute adin guztietako lagunek. Sarrera 3,50 eurokoa da eta, beharrezko ekipamendu guztiarekin, 45 minutuz patinatzeko aukera ematen du. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun