Sopelako bi gazteri 500 euroko isuna ordaintzera behartzen dituen agiria heldu zaie,
Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) zabaldu duenez. Jon Anza iheslari donostiarraren heriotza salatzeko irailaren 20an udaletxe aurrean egin zen elkarretaratzean, ertzainek pankarta eusten zeuden lagunak identifikatu zituzten, "kontzentraziorako baimenik ez zegoela" aitzakiatzat hartuta. Hiru hilabete eta gero, identifikatuak izan ziren bi gazteak 500 euro ordaintzera behartu nahi dituzte. Abenduaren erdialdean,
Leioako herritar bati mila euroko bi isun jarri zizkiotela salatu zuen Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Erika Bilbao atxilotu zutenean egindako bi mobilizazioetan legez kanpoko oihuak egin zirela argudiatu zuten orduan. Azaroan, berriz,
Algorta, Berango eta Bilbora heldutako isunak salatu zituzten. Argazkian, atxiloketak salatzeko mobilizazioa Sopelan.