"Azkenean, badirudi kasu egin digutela", adierazi du
Berango-Merana ikastetxeko Ikasleen Guraso Elkarteak. Izan ere, azaroan onartutako 2011ko aurrekontuetan, zentroan egin beharreko oinarrizko hainbat hobekuntza jaso ditu tokiko Udalak. Besteak beste, leihoak aldatuko dituzte, "bi urteko umetxoak hotzaren ondorioz hil ez daitezen filtrazioen ondorioz", aita-amek nabarmendu dutenez. Horretaz gain, gurpil-aulki zein haur-kotxeentzako irisgarritasuna hobetu egingo dute. Azkenik, San Markos eraikinean eta haur-eskolan gortina bereziak jarriko dituzte, "haurrak beroaren ondorioz hil ez daitezen". Berango-Merana ikastetxeko gurasoen elkarteak egindako "esfortzu ekonomikoa" eskertu dio tokiko erakundeari, "are gehiago gauden krisialdi garaian egonda". "Gure seme-alabentzako ikaragarrizko gabon oparia da. Hori bai, merezi zuten oparia eta denbora luzez itxaroten egon garena", aipatu dute aita-amek. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea.