Lau dira proiektu honen aurkako arrazoi nagusiak:
1. Proiektuaren egungo ibilbideak baliogabetuko du Udondoko Bulebarraren oinezkoentzako izaera. Gune hau da oinezkoentzako kalitatezko zonalde gutxienetarikoa Leioan, baina tranbia 5 edo 10 minuturo igaroz gero, ez da horrela izango. Eta orduan, non jolastuko dute umeek? Gainera, Bulebarraren ondotik bi errepide igarotzen dira eta horietatik igaro daiteke tranbia.
2. Tranbiaren egitasmo honek bertan behera utziko du Sabino Arana oinezkoentzako egiteko proiektua. 1999. urtean Udalbatzak aho batez onartu zuen proiektu hura eta berebiziko garrantzia dauka, Leioan kalitatezko eta bizitzaz beteriko zonalde urbano bat egiteko aukera ematen duelako. Benetako oinezkoentzako bulebar bat inolako trafikorik gabekoa. Tranbiak 13 metro zabaleko bidea behar du eta trenak aldioro igaroko lirateke, beraz, autoak tranbiagatik aldatuko lirateke: ezinezkoa da oinezkoentzako eremua eta tranbiarentzako bidea gune berbera izatea.
3. Tranbiaren proiektu honek ez dio erantzuten Leioako auzo gehienen mugikortasun eta lotura arazoei. Proiektuaren ibilbidearen planifikazioa metro geltokia eta unibertsitatea ahalik eta azkarren lotzeko pentsatu dute. Leioarako zerbitzua bigarren mailan geratuko da. Kandelazubieta, Ikea-mendi, Iturribide, Artazagane, San Bartolome eta abarreko auzokideek ezingo dute tranbia erabili eta ez die zerbitzurik emango.
4. Herritarrek ez dute parte hartzerik izan proiektuan. Gure Udala ez da parte hartzearen zale amorratua. Halere, proiektuak herrian izango duen eragin handia ikusita, herritarren parte hartzea bermatu beharko litzateke eta beraien iritziak kontutan hartu.
Arazo horien aurrean eta Leioako mugikortasun arazo orokorrei erantzuteko alternatiba bideragarri ugari dago. Gainera, alternatiba batzuek metro geltokia eta unibertsitatea lotu ditzakete.
Lehenik eta behin, beharrezkoa da mugikortasunerako plan integral bat egitea, kalitatezko garraio publiko sistema iraunkor bat abiatzeko. Planak alternatiba desberdinak kontutan hartu beharko ditu. Beharrezkoa da urteetako herri garapen negargarriak utzitako hipoteka gainditzea, trinkotasunik gabe eta espekulazioak bultzatuta garatu du Udalak herri-eredua. Leioa erdialdea metroarekin eta unibertsitatearekin lotzea ez da behar bakarra.
Bestetik, tranbiaren ibilbidearentzako bestelako aukerak badaude eta ez liekete eragingo Udondoko eta Sabino Aranako oinezkoentzako guneei. Gainera, ibilbide desberdinok ahalbidetuko lukete tranbia beste auzo batzuetara heltzea.
Baina gai horri heldu aurretik, tranbia gure arazoei hobekien erantzungo dien proiektua den galdetu behar dugu. Adibidez, kalitatezko autobus lanzadera sistema batek metro geltokia eta unibertsitatea ondo lotu lezake. Gainera, autobusok elektrikoak izan litezke eta ez lukete kutsadurarik sortuko. Bestalde, auzoen arteko mikrobus sistema batek zerbitzua eman liezaieke Leioako auzoei.
Alternatiba desberdinok ez dituzte partekatu eta eztabaidatu herritarrekin eta hori ezinbestekoa da tamainako proiektu bat garatzeko. Herritarrak parte hartu behar dute Leioan egingo den egitasmo nagusian; beraien ideiak eta proposamenak entzun eta aintzat hartu behar dituzte.
Argudio hauek garamatzate proiektua egun den moduan baztertzera. Udalak gure oposizioa ixilarazi du Alderdien Legeak ezarritako apartheid politikoaz baliatuz, Udalbatzan Ezker Abertzaleko bi hautetsien parte hartzea ekidinez.
Leioako Ezker Abertzaleak exijitzen du tranbiaren proiektu hau gelditzea eta berriz planteatzea. Mugikortasun plan integral bat egitea eskatzen dugu, herritarren parte hartzearekin batera dauden aukera desberdinak aintzat hartuz, Leioarako kalitatezko garraio publiko sistema iraunkor bat abiatzeko.
Leioako ezker abertzalea